Bat, bi, hiru, lau… eta bost. Esku betearekin zenbatzeko adina sorkuntza-lan. Bost. Zentzumen oro gozarazteko moduko soinuak dakartza bosgarrenak. Pentagramaren arteza bihurrituta, bost puntako izarrari darion soinua. Ongi etorri, Bost. Heldutasunean nekaezin dabilen musikariaren bostekoa. Azkenaldiko bizipenei emandako bostekoa. Poztekoa.
Xabi Aburruzagaren bosgarren lana da Bost. Aurrekoan (KeltiK) unibertso keltiarrean bidaia genezan proposatu bazigun Xabik, oraingo honetan barru-barruko bidaia egin du musikariak; azken urteetan bizitako esperientziak oinarri dituzten hausnarketei doinua jarri die, eta horietako batzuei baita hitzak josi ere. Amama-aititen lurretara, Palentziara, umetan egindako bidaia gozoak gogoan ditu aitatasunaren talaia berritik. Azken urteetan kanpora egindako bidaien oroitzapenak ugari dira, ez baititu ahaztuko Eskozia, Irlanda, Quebec, Palestina edo Galiziara egindako bisitak. Ameriketako euskal diasporari, bestalde, omenaldi sentitua itzuli dio. Bertoko adiskide musikariei gorazarre egin die, eta txoko kutunak doinuz jantzi. Hastapenetatik bereziki zaindutako trikiti-soinu klasikoa darabil Aburruzagak, baina lan honetan ere ezin izan dio esparru berriak arakatzeko grinari eutsi, eta diskoari izena ematen dion kantuan bosteko erritmoa erabiltzera ausartu da. Barne-bidaia egin du Portugaleteko musikariak eta han-hemengo lagunekin bizitakoak, haurtzaroa, aitatasuna, eta nola ez, maitasuna, trikitixari diona, zein baino zein kutunago zaizkion pieza bihurtu ditu eta entzuleari eskaini dio Bost, elkarrekin euskal folkaren unibertsoa elikatzen jarraitzeko.