Saskia

2016

KeltiK

KeltiK. Trikitixaren bihotzetik. Musikarekiko maitasunagatik. Umezaroko erreka bazterrean ondutako lehendabiziko soinuetatik. Adiskideengatik. Keltik. Portu berrien bila ezagututako itsasoetatik. Herrien besarkadarako soinubandari hauspoa emateagatik. Geuretik. Mundu nahi izateagatik. KeltiK.

Xabi Aburruzaga (Portugalete, 1978) trikitilari eta konpositorearen laugarren diska da Keltik. Bizkaiko Trikitixa eguneratuz tradizioari dion maitasuna agertu eta Denboraren Naufrago bihurtuz sormenaren itsasoan murgildu ostean, Geure eginez lortu zuen Aburruzagak heldutasun musikala. Bilaketa etengabean doan sortzailea da, eta soinu diatonikoaren langile nekaezina. Zer lortu nahi duen borobildu bitartean, kalejiranentzun nahi dutenak asetzea lortuko du. Ez omen du mugarik. Eta mugak ez ditu gustuko. Horregatik jarri dio bere buruari mugaz haratagoko erronka azken lan honetan. Ez du berria musika keltiarrarekiko debozioa. Bere aurreko lanei keltiar izpiritua darie, eta ez da kasualitatea Ortigueirako (Galizia) jaialdian behin baino gehiagotan parte hartu izana, are 2014an bertako Runas lehiaketa irabazi izana.

Oraingoan amets bat bete du: unibertso keltiarra soinu txikira ekarri du, eta Euskal Herriko folk ondarea keltiar olatuetan nabigatzera eraman. Musika keltiarrari omenaldia egiteko, bidaia proposatu digu Xabik, euskal arrantzaleak Ternuara bidean zeramatzan moduko belaontzia hartu eta hain gogoko dituen herrialdeetara eramango gaitu. Bidaia gozaraziko diguten hainbat musikari lagun gonbidatu ditu gainera: Alasdair Fraser etaNatalie Haas (EskoziaAEB); Brian Finnegan eta Niahm Ní Charra (Irlanda), John Joe Kelly, Ewan MacPherson eta Ed Boyd (Ingalaterra); Rua Mac Millan, Calum Stewart, Ross Ansley eta Martin O ́Neill (Eskozia); Youen Le Berre (Bretainia); Anxo Lorenzo (Galizia); Euskal Herritik Oreka TX, Alos Quartet eta Jexux Aranburu. Eta eskifaian Aitor Antruejo, Mikel Artieda, Igor Telletxea eta Xabier Zeberio. Hauen guztien doinuek iradokitzen dizkiguten paisaiak gutxi ez, eta zenbait istorio kontatu digu ezkerraldekomusikariak bidaia honetan; eskribau lanetan aritu dira, batetik, Jon Maia bertsolari eta nabigatzaile bikaina, eta bestetik, Iñaki Aurrekoetxea, Xabiren abenturetako ohiko letragilea.

Euskal Herritik abiatutako bidaia da KeltiK, arima keltiarra darien herrialdeetara joanetorrikoa. Aburruzaga esker oneko zaio tradizioari, Rufino Arrolari ikasitako doinuak ditu odolean, eta eskusoinuari nortasuna dario. Baina bidaian bizi da, etengabeko bilaketan, eta mugatzat ez dituen horietatik haratago altxor txiki ugari aurkitzen ari da, bere musika aberasten dutenak, Euskal Herriko folk unibertsoa aberasten dutenak. Euskal esentzia musika keltiar bihurtua. Ala keltiar esentzia euskal musika bihurtua? Bidaia unibertsal honetan murgildu gaitezen, ea erantzunik aurkitzen dugun.

Multimedia